
Ezkaratza, sukaldearen arima.
Burdinezko txapa lodi batek babesten du lurzorua. Eta, horren gainean, su-egurra jartzeko suburdinak. Hormari itsasita, burdinazko bigarren plaka forjatu batek zabaltzen du aurrean duen suaren beroa. Aurrealdea zedarrituz, burdinazko barra bat ikusten dugu, muturretan eraztun batzuekin. Kanpaiaren barruko langetari loturik, kanpai azpian ageri den laratz-kakoa dago isekita. Kakotx bat dauka, eta janariak prestatzeko erabiltzen den kobrezko pertza bat da bertatik zintzilik. Janariak prestatzeko eta beste erabilera batzuetarako lanabesak ditu inguruan, tximinitik zintzilik den arropa lehortzeko soka, esate baterako.
Tximiniko keak hartzen dituen kanpainak zurezko apal perimetral estu bat du. Egunero erabiltzen ziren objektuak jartzen ziren haren gainean: txokolate-ontzia, balantza, argimutilak edo almaiza. Kanpaitik elementu aunitz jartzen ziren zintzilika; horien artean, bistan dugun arrosarioa.
Tximiniko oihala kanpaiaren apala apaintzen duen tela edo errezel txiki bat da eta Peiomosso etxeko auzotar batek antzinako erara egindakoa da, erakusketa honetarako berariaz eginak diren sukaldeko errezelak bezala.

