Errolanen Kantua edo Chanson de Roland ehundaka bertsoz osaturiko poema epikoa da. Orreagako Gudua jorratzen du, eta XI mende amaieran idatzi zen, gertaeretatik hiru mendeetara. Idazlea Turoldus izeneko monje normandiarra izan zela uste da. Erromantzez idatzitako Europako gesta kantu zaharrenetako bat da, guduak izan zuen sonaren adierazgarri. Gainera, kontuan hartu beharra dago Karlomagnoren porrot bakarrenetarikoa izan zela.
Literatura frantseseko lan handienetarikoa da, ehundaka aldiz erreproduzitua izan dena. Kantuak hainbat moldaketa egiten ditu historiarekiko: baskoiak musulman bihurtzen ditu eta gudua frankoen ejerzituaren atzeko atalari eginiko segada modura azaltzen du. Gainera, kantuaren arabera Karlomagnoren motibazioa San Gabriel Goiaingeruaren inspirazioz Islama suntsitzea eta Santiago profetaren arrastoak berreskuratzea zela dio.
Orreagako Kantua Erdi Aroan gaztelaniaz idatzitako poema epikoa da, erromantze nafar-aragoiarraren zantzuekin. Seguruenik, 1225 eta 1250 urteen artean idatzi zen. Gaur egun, Nafarroako Errege Artxibo Nagusian bi orriko zati bat kontserbatzen da soilik, ehun bertso dituena. Zati txikia bada ere, badakigu Chanson de Roland-en antzeko gaia jorratzen duela.
Ramón Menéndez Pidalek eginiko ikerketengatik badakigu seguruenik 5.500 bertso zituela jatorrian eta ez zela Chanson de Roland-en jatorri poetikoaren oinordeko zuzena, bi kantuetan hainbat elementu ez datozelako bat. Hala ere, seguruenik bi kantuek kondaira berdinak izan zituzten jatorrian inspirazio modura.
HISTORIATIK MITORA
Orreagako gudua bezala ezagutzen dugun pasarte honek Europako gizartean sona handia izan zuen eta gaur egun, entzutetsua izaten jarraitzen du. Gertaera abestu eta idatzi egin zen, tradizio literario epiko handia sortuz. Seguruenik pertsonaia ezagunena Errolan izan zen, Karlomagnoren iloba, iturri idatziek pertsonaia mitologiko bilakatzearaino goretsi dutena.
Pirinioetan ere bizirik dirau guduak. Hainbat sinesmen eta leku izen gordetzen dira oraindik ere inguru hauetako toponimian, herri tradizioak jaso eta mantendu dituenak: Errolanek, Veillantiff bere zaldiak edo Durandal bere ezpatak utzitako markekin identifikatzen dira oraindik ere hainbat leku.









