Arto-aleketa lan oso garrantzitsua zen, horrekin egiten zirelako taloak eta arto-ogia. Ohituraz, arto zuriaren barietatea ereiten zen baserri guztietan. Horregatik dugu sukaldean aulki bat aurrean artoz betetako otarra batekin, aletzeko prest. Erakusketan ikus dezakegun arto-barietateak historia luzea du:
Lasako Aintxalde baserrikoa da jatorriz, eta Pekotxetako Maestru baserrian 60 urte baino gehiago daramatzate hori ereiten, baita Duzunaritzeko Idiartia baserrian ere. Baserri horretakoak dira erakusketa honetarako emandako artaburuak. Arto-landareak 2 m eta 2,5 m bitarteko luzera izaten du, eta artaburuak 1,40 edo 1,50 m bitartean egon ohi dira; 18 cm-tik 25 cm-ra bitarteko tamaina izaten dute. Haren aleen kolore zuri argia da bere ezaugarririk nagusiena, hortik datorkio izena: arto xuria.
Artoa ahien luzeko babarrunekin batera hazten da, zeinak artoaren makilan gora kiribiltzen diren. Marra gorri bat zuen babarrun zuriaren barietate bat hazten zuten Maestru baserrian, baina galdu egin zen orain dela 30 bat urte.
XX. mendearen erdialderaino Luzaideko baserri guztietan lantzen zuten arto sail bat, pertsonentzat eta behientzat, txerrientzat zein oiloentzat jatekoa baitzen. Maestru baserrian hektarea bat baino gehiagoko lursailean hazten zuten, eta oso-osorik landu zuten 60.eneko hamarkadaren hasieretaraino.
Tokiko artoaren barietateak desagertzen joan dira arto hibridoaren barietate modernoen, nekazaritza-ustiakuntza eredu aldaketaren eta familien jateko ohituretan emandako bilakaeraren ondorioz. Pekotxetako arto zuri hau da Luzaideko eta Nafarroa Behereko tokiko barietateek eratzen duten ondare biokulturalaren azken lekukoetako bat.

